Nontzeberri

Pilota jokoan aritu ziren lehenengo emakumeei egindako omenaldia

Urtarrilaren 14ra bitartean, Zarautzeko Photomuseum aretoan izango da Emakumea eta Euskal Pilota izeneko erakusketa. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak antolatutako erakusketa honek, pilota jokoan modu profesionalean aritu ziren lehenengo emakumeentzako omenaldi izan nahi du, eta zesta-punta eta erraketa modalitateetan jardun zuten emakume haiek ezagutzera eman. Emakume horietako asko, pilota-jokoetan tradizio luzea zuten euskal herritarrak, nazioarte mailan gailendu ziren.

“Antzinatik jokatu da pilotan, hainbat jokamoldetan, munduan barrena, eta jokoak Euskal Herrian lortu du osperik handiena. Sortu zenetik, gizonarekin lotuta egon da eta, hortaz, pilotalekuak gizonezkoen lekuak izan ohi dira beti. Hala eta guztiz ere, emakumeek ere hartu dute parte pilota jokoan aspaldidanik, eta, hain zuzen ere, erraketa jokoan espezializatu ziren eta lortu zituzten lorpen handienak. Erraketista hauek emakumezko kirolarien artean lehen profesionalak izan ziren.
Jokalari asko nabarmendu ziren eta asko gogora ekarri behar ditugu: Eugenia Iriondo “Eibarresa” edo “La Bolche”; María Antonia Uzcundu “Txikita de Anoeta”; Agustina Otaola; Eladia Altuna “Irura”; Mª Luisa Alberdi; María Carmen Lasagabaster “Amaia”; Gloria Agirre “Txikita de Aizarna”; Lucia Areitoaurtenea; Beraza ahizpak (Julita, Mari eta Milagros); Conchita Bustindui, Olga Cazalis; María Luisa Senar; Rosa Soroa; Miren Uzkundum “Asteasu”; Justina Arenaza “Vasquita I” eta bere ahizpa Maria “Vasquita II”. Euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak haiekin aritu ziren: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko.”

Erakusketa bost ataletan banatuta dago eta garai hartako objektuak eta  erraketisten janzkerak, erraketak, pilotak eta pilotak egiteko larrua eta bestelako kontuak erakusten dira.

“Erakusketa hau emakumeek euskal pilotaren arloan mundu mailan bete duten zereginari buruzko ikerketa-lan interesgarria da.”

Exit mobile version