Nontzeberri

“Pikadero” komedia poetikoa pantailaratuko du FASek

Bihar, eta preZINEBI programazioaren baitan, Bilboko FAS zineklubak  Pikadero (Ben Sharrock, 2015, Euskal Herria eta Erresuma Batua)  filma pantailaratuko du Campos Antzokiko Cupula aretoan. Emanaldian Lander Otaola, Joseba Usabiaga, Itziar Lazkano, filmeko aktoreek parte hartuko dute.

Ekitaldia, gainera, antzezlan batekin osatuko da: Un tren a ninguna parte. Hamabost minutuko obra horren zuzendaria David Caiña da; Josu Angulo eta Álex de la Peña, berriz, aktoreak.

Ben Sharrock zinegile eskoziarrak irudi poetikoak eta gidoi fina uztartu ditu, nortasun propiodun komedia ontzeko.
Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga aktoreek antzeztua, pelikulak hauxe kontatzen du umore finez: “Espainia estutzen duen krisi ekonomikoaren ondorioz, gurasoen habia utzi ezinik dabil bikote gazte bat. Dirurik gabe, arazo larriak dituzte gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Larrua jotzeko gero eta grinatsuago eta hotel bat ordaintzeko dirurik gabe, elkargune publikoak bilatu behar dituzte: txortalekuak”. Egoera latz horren ondorioz, bikotearen harremana kolokan izango da.

Filma Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen, eta kritika izugarri onak jaso ditu. Hala, Felix Linares kazetari ezagunak hauxe esan zuen filmaren harira: “Deskubrimendu izugarria, delizia, zentzu guztietan, Pikadero harribitxia da”.

Informazio gehiago: cineclubfas.com.

Exit mobile version