Bilboko La Fundicion aretoak Euskal Herrian sortutako zenbait proposamen biltzen ditu urtero Zer(K)nias zikloaren barruan. Bertako proposamenak “berritzaileak eta kalitate handikoak, baina ohiko antzerki zirkuituetatik urrun daudenak” dira.
Aurtengo edizioan, maiatzaren 29tik 31ra arte, emakume sortzaile gazteen hiru pieza aukeratu dira: Olaia Valleren zuzeneko musika duen dantza garaikideko pieza bat; Raíra Rosenkjarren performance feminista bat; eta Infinitudrama konpainiaren euskarazko bertoko folklorearen berrinterpretazio zirikatzaile bat. Arduradunek laburbildu dutenez, “hizkuntza berriak aztertzen dituzte, formatu hibridoak proposatzen dituzte eta arrisku artistiko handiagoak bere gain hartzen dituzte. Tamalez, horrelako proposamenek zailago izaten dute programazioetara eta ikuskizunen sailera iristea, zalantzarik gabe kalitate handikoak badira ere”.
Zikloa Olaia Valle dantzariak hasiko du maiatzaren 29an, 19:00etan, Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río piezarekin. Bera arduratu da koreografiaz, eta bera da dantza garaikideko pieza horren protagonista. Bere hitzetan, pieza “gorputz batentzako biek batera jotako kontzertua” da. Izan ere, oholtza gainean, Amaia Santamaríaren eta Zuhaitz Fernandezen zuzeneko musika izango du Vallek. “Zoriari eta denbora errealean egindako konposizioari irekitako ikuskizun horren eskutik, inspirazio izan dituen emakumeak omendu nahi ditu Vallek.
Maiatzaren 30ean, Raíra Rosenkjar performerraren txanda izango da. Tetas aurkeztuko du. Pieza horrek zalantzan jartzen ditu generoari eta botereari buruzko kontaketa hegemonikoak. Rosenkjarrek esan du “emakume baino lehen titi izandako emakume eta, titi izateagatik, emakume besterik izan ez zen emakume baten bidez” hitz egingo duela.
Zikloa maiatzaren 31n amaituko da, Infinitudrama konpainia gaztearen Adarbakarra lanarekin, euskal folklorearen berrinterpretazio zirikatzailea, umorea, poesia bisuala eta musika uztartzen dituena.
