Munduko Poesia Kaierak bilduma osatuago dago gaurtik aurrera, Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini poeten antologiei esker. Susa argitaletxeak aurkeztu zituen atzo, Juanjo Olasagarre (Philip Larkin) eta Irene Hurtado de Saratxo Mendieta (Pier Paolo Pasolini) itzultzaileekin batera.
Autoreen gaineko zertzeladak argitaletxeak berak luzatu dizkigu: Philip Larkin (1922-1985). Idaztera ere emana, bere olerkietan zoli islatu zuen Bigarren Mundu Gerraren osteko probintzia giroa, etsiaren eta suminaren artean zabuka plazaratuz bere garaiaren espiritua, gerraosteko poeta ingelesik nabarmenenetako bat izendatua izateraino. Haren hitzak, hain zuzen, poetikoak bezain lauak dira; haren gai nagusiak, berriz, kolosalak: besteak beste heriotza, zahartzea eta, bi-biei loturik, alferrik galtzearen ezinegona; esan nahi baita, denbora, ahala, desira, bizitza alferrik ahitzearena. Olerki lurtarrak dira asko: sinbolikoagoak batzuk, deskriptiboagoak beste batzuk, eta oso narratiboak beste zenbait. Poesia gordina da, zakarra, baita nihilista ere zenbaiten aburuz. Sentimentalismorik ezak, ordea, ez dio galarazten ez sentsibilitatea eta ez emozioa, erruki printzaren bat barne. Larkin maisua izan zen zirrararen mamia azaleratzen bizimodu itxuraz hitsenari ere.
Pier Paolo Pasolinik (1922-1975) bi hizkuntza erabili zituen bere poesia lanetan: amaren friulera, gaztetxo zela Casarsan ikasi zuena, batez ere gaztaroko poemetan; eta italiera, aitarekin lotzen zuena, gehienbat Erromara iritsi eta ondorengo lanetan. Pasoliniren poemak irakurtzea deserosoa da. Bere herrikideen erretratu gordin eta zintzoa aurkezten digu, enpatiatik idatzia baina aldi berean gupidagabea. Ezinegonak zeharkatzen du Pasoliniren poesia oro: desirak erretako gorputzean kabitu ezinik errekonozitzen du bere burua.