Argazkia: Lorena Otero.
Zarauzko after-punk bandak Itzaletatik (2016) diskoan bildutako Emakume kuantikoa doinuaren bideoa plazaratu berri du.
Laukoteak doinu melodiko eta ilunak jorratzen ditu, 1980ko hamarkadako post-punk estiloaren bidetik. Perlak-en Facebook-ean jasotzen denez, taldearen eraginak hauexek dira: The Cure, Joy Division, New Order edo Siouxsie & the Banshees; hots, after-punkaren lanbrotik sortutako pop taldeak.
Bada, Itzaletatik diskoan ere eraginon geriza nabarmena da: baxu potoloak, giro lanbrotsuak, sintetizadoreak… Diskoan hamar kantu jasotzen dira, Mungiako Gaua estudioan grabatuak, 2016ko martxoan. Abiok, besteak beste, Belakoren lehenengo grabazioak zuzendu zituen.
Perlak 2013ko lehenengo hilabeteetan eratu zen Zarauzko lokal batean, “ardo tragoxkaden artean”. Taldekideak hauexek dira: Maite Martiarena (ahotsak, gitarra, teklatua eta koroak), Miren Narbaiza (ahotsak, gitarra, teklatua eta koroak), Patxi Agirre (ahotsak, baxua eta koroak) eta Ilargi Agirre (bateria eta koroak).
Jarraian Emakume kuantikoa abestiaren bideoa:
