XXXIV. Lizardi 2015 sariaren irabazlea izan zen Nerea Arrien, eta gaur goizean, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan lan berriaren aurkezpena egin dute. Hauxe da bere lehenengo liburua.
Pentsatzeko txokoa (Erein), hezkuntza emozional eta adimen emozionalari keinu bat egiten dion narrazioa da. Honela labur daiteke lana: “Ingeleseko andereñoari ez zaio pentsatzea gustatzen. Izatez, beretzako zigor bat da. Gaizkileentzat kartzelak eraikitzen dituzten bezala, gelan txoko bat eraiki du. Hara bidaltzen gaitu gaizki portatzen garenean. Pentsatzeko txokora. Niri, berriz, pentsatzea gustatu egiten zait”.
Bere testuek argia ikusi zuten, lagun argazkilari baten argazkiei hitzak jarri zizkienean. Ordutik hona, kolaborazio asko egin ditu hainbat aldizkaritan. Ipuin sariketa pare bat ere irabazi ditu, Hiria eta olatua eta Bi bala testuekin. Estibalitz Jalónek ilustrazio bikainak jarri dizkio lanari.
