
CarrerasMugica galeriak Pello Irazuren Zuretzat izeneko erakusketa ikusgai jarri du uztailaren 30era arte.
Pello Irazuren jarduerak “eskulturaren arazoei modu erabat irekian heltzea du ezaugarri, formatu, material eta gailu ugariez gain, grafikotzat hartzen diren espresiobideak ere erabiliz (marrazkia eta pintura murala). Bestalde, errealitatearen erreferentzia, zeharkako aipamen edo apelazioen eremuan, gizarte arloko zeinuen arteko joan-etorriez gainezka dago bere lana. Bere espresiobidearen dimentsioak, beti ere esparru eskultorikoari dagokiolarik, dimentsio ugari dituen harremanen espazio baten kontzentrazioa baino ez dira.
Pello Irazu (Andoain, 1963) Arte Ederretan lizentziaduna EHUn. 1988an, artista gazterik nabarmenenari emandako ICARO saria lortu zuen, eta 1990ean Fullbright beka eskuratu zuen, bere lan artistikoa New Yorken garatzeko. Hainbat tokitan erakutsi du bere obra: MACBA, La Caixa, Mumok (Viena), Reina Sofía museoa, Bilboko Arte Ederren museoa, Patio Herreriano museoa, Chicagoko Argazkigintza Garaikideko Museoa eta Marugame Hirai museoa, …. Guggenheim Bilbao museoak atzerabegirako erakusketa bat eskaini zion, eta 2020an Gure Artea saria jaso zuen bere ibilbide artistikoaren aitormenez.