Pello Irazuk (Andoian, 1963) hirugarrenez paratu du bere obra Iruñeko Moises Perez de Albeniz galerian. Oraingoan, (1 x1) x1 izeneko lana dago ikusgai.
Erakusketaren izenburuak elementuz osaturiko hainbat triada integratzeko asmoa aipatzen du: aretoko hiru horma, hiru argazki-talde, eta hiru eskultura. Guztiak, dispositibo berean integratzen ditu, eta dispositibo hori partitura baten gisara aritzen den egiturak gobernatzen du.
Irazuk 80ko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea, minimalismotik eta eskultura post-minimalistatik gertu zegoen obrarekin. Gero, lan horrek izaera konstruktibista hartuko zuen Oteiza eta Beuys artistekin izandako elkarrizketaren ondorioz. 1989an, berriz, Londresera joan zen Riverside Studiosen egingo zuen erakusketaren harira, eta 1990ean Veneziako Bienalean parte hartzeko gonbita jaso zuen. Urte berean, New Yorkerako bidea hartu eta zortzi urtez bizi izan zen bertan. Hiri horretan hasi zen, hain zuzen ere, pieza konplexuagoak egiten.
Harrezkeroztik, hainbat erakusketa egin ditu Estatuan eta atzerrian, tartean, 2003an Artium museoan paraturiko Fragmentos y durmientes eta 2010ean Koldo Mitxelenan jarri zuen Vivir sin destruir.
