Pedro Costa (Lisboa, 1959) zine zuzendari portugaldarren inguruko programa ondu du Bilbaoarte zentroak. Bihar bertan hasiko da zikloa, 18:00etan, No quarto da Vanda (2000) filmaren emanaldiarekin. Guztira, lau film ikusi ahalko dira hil honetan.
Bihar pantailaratuko duten No quarto da Vanda filmak hauxe kontatzen du: Vanda Duarte Fontainhas-en bizi da, Lisboako auzo hondatuenetakoa, droga-trafikanteez josia. Vandaren logela, heriotzaren gela da, bertan bizitzari lotutako gauza asko gertatzen diren arren. Vandak bizitzeko indar handia dauka, eta aurre egiten dio heriotzari.
Zikloa hiru pelikula hauekin osatuko da: Où gít votre sourire enfoui? (2001) eta Tudo Refloresce (2006), martxoaren 10ean, eta Juventude em marcha (2006), martxoaren 17an.
Costa zinegile berritzailea da esparru esperimentalean eta dokumental-fikzioaren generoan. Bere lanak jasotzeko, oinarrizko tresnak erabiltzen ditu: bideo digitaleko kamera arinak. Bere planteamendu estetikoek, gainera, zine zuzenaren printzipioak biltzen dituzte. Novo cinema portugués dokumentalista taldearen ondorengoa da.
Bere film asko inguru marjinaletan filmatu ditu, bazterreko pertsonaiekin eta gune errealetan, dekoraturik gabe. Bere tonu dokumentala, halere sentsibilitatez jasotzen du, fikziotik gertu.
Informazio gehiago: bilbaoarte.org.