Nontzeberri

Paul San Martinek “Track” diskoa aurkeztuko du Donostian

Paul San Martin musikari donostiarrak Track (Gaztelupeko Hotsak) disko berria aurkeztuko du, -pianoan eta kantuan-, bihar Donostiako Altxerri Jazz Club aretoan, 21:30ean.Ostean, Travellin´ Brothers seikote bizkaitarra arituko da; azken horrek ere laster CD eta DVD plazaratuko du.

Paul San Martin ezaguna da musikaren panoraman Stay Blues taldeagatik. Proiektu horren bitartez disko homonimoa plazaratu zuen 2007. urtean Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen laguntzarekin. Horrez gain, taldeak hainbat kontzertu eman zituen eta makina bat jaialditan parte hartu zuen, tartean, Donostiako Jazzaldian.

Blues estiloari jarraiki, Tracks izeneko lana argitaratu du donostiarrak. Oraingoan, baina, musikaria bakarrik aritu da, bere ahotsaren eta pianoaren laguntzarekin.

“San Martinek bere egin ditu kantuok eta nortasun propioa erantsi die, pianoan teknika aratz eta garbia erakutsiz, eta ahots zuri eta leuna izanagatik sinesgarritasun eta naturaltasunez abestuz”, jakinarazi du Gaztelupeko Hotsakek ohar bidez.

Diskoaren kantu bat entzungai jarri du sarean: Roll´Em Pete.

Exit mobile version