Patxi Laskarai baxenabartar argazkilariak Bazterrak izenburua jarri dio bere azken erakusketari, Donibane Lohizuneko La Rotonde aretoan ikusgai jarri duenari. Erakusketa uztailaren 14a arte bisitatu ahalko da.
Ez du ohikoa Laskaraik izaki animatuak argazkitan hartzea, baina bere azken lanak bizidun bitxiz beteak dira. Hala, argiaren, zehaztasunaren eta giza itxura hartzen duten eraikuntzak argazki baten denboran harrapatu ditu, “mugimenduak, objektuak eta toki animatuak erakutsiz”, argitu du artistak.
Gainera, erakusketaren harira, hainbat ekimen antolatu dira, bertso emanaldiak edota artistarekin egoteko topaketak. Hala, datozen uztailaren 6an eta 13an, bere lanaren inguruko xehetasunak eta obraren nondik-norakoak azalduko ditu artistak, arratseko 17:30ean antolatutako topaketan. Antolatzaile lanetan, EKE, Euskal Kultur Erakundea izan du lagun.
Patxi Laskarai Nafarroa Behereko Lekunberrin sortua da. Arte plastikoen inguruko ikasketak Baionan eta Pauen egin ditu, eta Donibane Lohizunen finkatu da. Bere lan profesionalaz gain, etengabe Euskal Herriko bazterretan zehar sormen, sentsibilitate eta edertasun artistiko bila ibiltzen da.
Artistaren gaineko informazio osoa, hemen.