Rockein jaialdiak 191 proiekturekin bere parte hartze maila gainditu du zortzigarren urtez jarraian. Lehiaketa Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzenduta dago.
Duela egun batzuk Basauriko Udalak antolatutako (Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz) Rockein lehiaketak 11. edizioan izena emateko epea itxi zuen, eta guztira, 191 artistak eman dute izena, zortzigarren urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.
Jasotako proposamenen artean 31 tokikoak dira (Basauri, Galdakao, Arrigorriaga edo Laudion erroldatutako kide bat, gutxienez); 40 euskarazko talderik onenari saria lortzeko hautagai dira; eta 19k Eskarabilera saria eskuratzeko aukera izango dute (gutxienez kideen %50 emakumeak dituzten proiektuak).
Orain, proposamenok epai mahaiaren eskuetan daude, eta horrek erabakiko du azaroaren 18an Basauriko Social Antzokiko finalean nortzuk joko duten.
Ekimenak banatuko dituen sariak honako hauek dituzue: Talde irabazlearentzat EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan; EParen 500 kopia editatzea, CD euskarrian; Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea; eta MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertua eskaintzea.
Tokiko talderik onenarentzat MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertu bat. Euskarazko talderik onenarentzat abesti bat grabatzea eta ekoiztea, eta MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertua eskaintzea, eta azkenik, Eskarabilera sarian, MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertua eskainiko da.