Paradisua eta katuak (Pamiela) liburu eta DVDaren aurkezpena egin zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruzak. Lan honetan, Donostiako Victoria Eugeniako Club aretoan, irailaren 3an, jende aurreko irakurketa bat jasotzen da.
Paradisua eta katuak, lehenengoz eta behin, kontaera bat da. Ez ordea tonu edo forma beti berdinekoa, osagarri baititu hainbat atal berezi: ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak. Batzuetan, katu kontuak aipatzen dira; bestetan, berriz, adineko andre batenak edo zeharo pozik dagoen apaiz batenak….
Argitaletxe honek ere, Moroak gara behelaino artean? lanaren itzulpena dakarren ¿Somos como moros en la niebla? lana aurkeztu du gaur berton Bilboko Kafe Antzokian. Laster ere katalanezko bertsioak argia ikusiko du.
Atzo ere, Alberdania argitaletxeak Iñaki Segurolaren Arrazoia ez dago edukitzerik liburuaren aurkezpen ekitaldia egin zuen. Liburua gogoeta laburren bilduma bat da, funtsean. Laburtasuna ez da, nolanahi ere, aforismoraino iristen, kasu bakan batzuetan izan ezik.
Beste aldetik, Augustin Zubikarai beka izan den Damutzen ez direnak (Elkar) lanak ere argia ikusi du Itxaso Araque Barriuso idazlearen eskutik. Ahots berri bat dakar gure letretara Itxaso Araquek bere lehen eleberrian, hainbat gai eta kezka planteatzeaz batera: harreman pertsonalen ezina, hirien gentrifikazioa, ustelkeria politikoa, norbere irudiaren eta errealitatearen arteko talka…