Pamiela argitaletxeak hainbat lan plazaratu ditu azken asteetan, eta haien artean idazle kontsakratuen lanak topatuko ditu irakurleak.
Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila izeneko lana plazaratu du. Liburua “geure buruaren jabe izan nahi eta ahal dugun zaharroi buruzkoa” da, eta ez buruak edo gorputz osoak kale egin ondorengo zaharrei buruzkoa.
Egileak aitortu duenez, “Liburu honetan, zahar hitza erabiliko dut (…) Hitzik garbiena iruditzen zait, jasaten duen arbuioa ezagutzen badut ere. Hori bai, jar diezaiola bakoitzak zahartzaroari nahi duen izena. (…) Gaurko eta biharko zaharroi dagokigu zahartzaro duin eta bizi bat osatzea… guztion artena osatuko dugu mapa, gaurko eta biharko zaharrentzat baliagarri izango delakoan”.
Bernardo Atxagak Enarak kaleratu du eta bertan irakurleak “suspensea aurkituko du haren orrialdeetan, umorea, sakontasuna, lengoaiaren erabilera arina, ausardia. Urtain da nobela honen lehen pertsonaia; pintore profesional bat, azkena. Enarak ere hor daude, etengabe hegan segundoko hamar metro eginez. Berria egunkarian honakoa esan du: “nik ez dut egin nahi memoria liburu bat, ez zait interesatzen. Ez dut egin nahi tesi nobela bat; hori gutxiago. Ez dut egin nahi errealitate soziologiko baten etsenplu bat. Testu horietan hitz guztiak izaten dira halako soldadutxo batzuk bezala, eta denak doaz formazioan nobelaren tesia argitzera. Irakurle bezala ez zaizkit behin ere gustatu horrelakoak; niretzat irakurtzea ez delako egia omen den zerbait ikasteko modu narratibo bat; horretarako saiakerak irakurtzen ditut eta estudiatu egiten dut. Literaturak, fikzioak, niretzako kontrako bidea egiten du, espirala ez doa irakurlearengandik kanpora. Jendea joan dadila irakurtzen, eta testuak lan egin behar du espiral batek bezala, baina barrurantz, barrurantz eta barrurantz.”
Poesiaren atalean, Arantzazu Lizartzak 0 Negatiboa izeneko poema-liburua argitaratu du. “Nola josten da eguneroko bizitza ospitaleko bizitzarekin? Nola josten dira eguneroko ogi barra erostera joatea, laneko nekea, toki denetara berandu iristeko premia, alokairuaren prezioa, lagunekin harturiko zerbezak, ingurukoen desira eta beharrak eta ospitaleko biztanle ajatuak, heriotzaren usaina, bisturi mota denak, jaioberrien poza, desinfektante usaina eta, berriz ere, ingurukoen desira eta beharrak?”
Eta datorren astean, Simon Sam Gandariasen We are plenty in here. Euzkadin eginak liburuaren aurkezpena egingo dute. Autore ahaztua Simon Gandarias ibarrangelutar- elantxobetarra. Duela ehun urte, zer-eta bertsoak egiten zituen Sam Gandariasek Utah, Nevada, Kalifornia, Idaho, Oregon aldean. Zergatik alde egin behar izan zuen Euskal Herritik? Zertarako idazten zituen euskarazko bertsoak Ameriketako Far West-ean?
Mundu horretan murgildu da Joseba Sarrionandia egilea.
