BilbaoArte Fundazioak zentroan bekadun izan den Marta van Tartwijk artistaren erakusketa izango du maiatzera bitartean: Waving. Erakusketaren abiapuntua bere egonaldian garatutako lana da, eta marrazketaren, ikus-entzunezkoen, soinuaren eta eskulturaren artean mugitzen den pieza multzo bat.
Proiektuaren izenburua “ingeleseko hitzak daukan esanahi bikoitza jasotzen duen terminorik ez izatearekin jolasten da, ez baitago horrelako hitzik ez gaztelaniaz eta ezta euskaraz ere. “Waving”, “wave” aditzaren gerundioa da, eta bere esanahia olatua da, uhina, ur-masa bat, kurbatzen dena eta itsasertzeraino aurrera egiten duena, fluktuazio batek espazioan duen hedapena da. Baina “to wave” eskuak agurtzean egiten duen ekintza ere bada. Tartwijkek termino hori erabiltzen du bere piezen arteko elkarrizketa sortzeko, errepikapenean eta paisaiaren eta gorputzaren arteko etengabeko mugimenduan oinarrituta.”
Ingurunearen eta gorputzaren arteko ispiluen eta errepikapenen jolas hori da artistak aretoan aurkeztutako lanen arteko haria. Waving instalazioa, proiektuaren ardatz nagusia, bi ikus-entzunezko proiekzioz eta soinu-instalazio batez osatuta dago.
Era bereran, pieza batek lau gorputzen mugimendua dokumentatzen duen ekintza performatiboa batzen eta aurrez aurre jartzen du (Jara Roset, Katixa Goldarazena Azpirotz, Blanca Niemietz, eta Marta van Tartwijkenak).
Ilunpean grabatutako landareen bigarren bideo bat ere badago, “non landaretza-paisaia modu aleatorioan dar-dar egiten baitu haizearekin, landaretza-estanpatuak sortuz, eta soinua zuzenean sortuz doan instalazio bat, bozgorailu eta mikrofonoekin”.
Beken azken promozioan hiru artista aukeratu ziren, bakarkako erakusketa bat, programa publiko batzuk eta argitalpen monografiko bat garatzeko. Jorge Isla eta Marta van Tartwijken erakusketen ondoren, Irantzu Yaldebere (Bilbo, 1994) argazkilariaren erakusketa egingo da maiatzaren 3tik 31ra.