P6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkarteak bultzatuta (Bilboko Udalaren Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Café Bilbao/Tartean Teatroa eta P6 antzerki laborategiaren laguntzarekin) P6ko Antzerki Arineko 11. Jardunaldiak martxoaren 29tik apirilaren 28ra bitartean izango dira. Horietan parte hartu nahi baduzue epea zabalik dago, eta betebeharreko baldintzak ondoko hauek dira: antzezlanek gehienez 15 eta gutxienez 10 minutuko iraupena izango dute. Testuak estreinatu gabeak izan behar dira, eta jatorrizkoak, hau da, ez da antzezlan luzeago baten moldaketarik onartuko. Euskarazko edota gaztelaniazko testuak onartuko dira. Bakarrizketarik ez da onartuko. Antzezlanak areto txikietan antzezteko modukoak izango dira, eta gaia eta estiloa libreak izango dira.
Edizio honetarako 10 lan hautatuko dira, eta oraindik zehaztu gabe dagoen egutegi baten arabera, zenbait egunetan eta emanalditan zehar antzeztuko dira. Muntaia guztiek emanaldi kopuru berdina izango dute. Emanaldien lehenengo eguna martxoaren 29an izango da.
Makina bat sari izango dira tartean: Alex Angulo Antzerki Arineko Saria; Kriselu Saria euskarazko muntaiarik onenarentzat; Café Bar Bilbao Produkziorako Sari Berezia; Antzezle Onenaren Saria, P6ko Antzerki Laborategiaren eskutik, eta Ikusleen saria.
Lehiaketan izena emateko epea otsailaren 2ra arte egongo da zabalik, eta otsailaren 5ean iragarriko dituzte XI. Antzerki Arineko Jardunaldietarako aukeratutako piezak.
