Nontzeberri

“Oteiza, lerro ihesak” izenburupeko zikloa

Iruñeko Civivox Sareak eta Oteiza Museoak Jorge Oteiza sortzaileari buruzko Oteiza, lerro ihesak izenburupeko zikloa antolatu dute.

Oteizaren pentsamendua eta lana berrikustea da ekimenaren helburua, eta horretarako hainbat aditu bilduko dira. Otsailaren 4an izan zen lehen hitzordua, eta hor, Bernardo Atxaga idazlea eta Oskar Alegria zinemagilea aritu ziren.

Bihar, otsailaren 18an, izango da bigarren zita. Miguel Sanchez-Ostiz idazlea izango da hizlaria Oteiza, Poeta Maverick izeneko hitzaldiarekin. “Nire iritziz, Oteiza, eskultorea izateaz gain, olerkari ameslari eta sutsua izan zen, bere izateari berari zentzua aurkitu nahi izan ziona, eta Orson Wellesek “maverick” gisa definitu zuen jarrera batetik egin zuen hori. Haren poesia, izan ere, premiak markaturiko hitz uholde handia da, eta aski da olerkiak irakurtzea Oteizaren biografia bat izateko. Etxeko autobiografia bat, bai eta herrialdearen autobiografia bat ere”.

Zikloak martxoan izango du jarraipena. Martxoaren 4an, Capi Corrales matematikari eta irakasleak hartuko du hitza Oteizarekin jolasean saioan.
Azkenik, martxoaren 18an, Elixabete Etxebeste musikari eta idazleak Oteiza y la música hitzaldia egingo du.

Goikoez gain, Idoia Leache artistak, Condestableko patioan, instalazio artistiko bat egingo du martxoaren 11n.

Exit mobile version