Eva Guerrero dantza konpainiak Hasta el último baile obra estreinatuko du Arriaga Antzokian bihar, azaroaren 13an, 19:30ean. Eva Guerrerok berak zuzendu du ikuskizuna, eta taularen gainean, koreografo eta dantzari Aiala Etxegarai, Yolanda Bustillo aktorea eta Amaia Santamaria musikaria arituko dira.
Guerrerok berak azaldu du proposamen eszenikoaren jatorria: “Dantza eta osasuna uztartzen dituen proiektu batean lan egiteko aukera izan nuen. 65 urte gorako pertsonekin zortzi saio landu nituen, pertsona horiek ezagutzen joan nintzen, gauzak kontatzen zizkidaten… Mugimenduak beren gorputzetan zein modutan garatzen zen ikusten nuen. Denboraren joanaz pentsatzen hasi nintzen, zahartzeaz, metatzen goazen galerataz… Hori guztia gure gorputzetik pasatzen da, eta eragina du”.
Zein gorputzek jasotzen du denboraren joana? Nola aldatzen da gorputza gertatzen zaigunaren arabera? Hauek izan dira proiektua abiarazteko suertatu diren galderak.
Obrak beren oroitzapenei buruz hitz egiten duten pertsonen off-eko ahotsak biltzen ditu. eta Arriaga Antzokian entzungo dira estreinaldiaren egunean. Izan ere, konpainiak antzeko bitartekaritza prozesu batean parte hartzeko aukera eskaintzen die herri ezberdinetako programatzaileei eta kultur eragileei. Hala, solasaldiak antolatu ditzake tokian tokiko adindu taldeekin emanaldia baino aste batzuk lehenago. Ondoren, pertsona horiek beren ahotsak entzuteko aukera izango dute herriko antzokian. Guerrerorentzat, “dantza ikuskizun bat egitea ez da eszenatoki batera igotzera mugatzen. Batzen gaituzten eta hurbiltzen gaituzten bideak aurkitzen saiatzen gara. Lan askoz sakonago bat da”.
