Lotura Films eta Jarraitu Filmak enpresa donostiarrek ekoitzi dute Harkaitz Canok idatzitako lanaren bertsio zinematografikoa, Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dutena.
Filma toki askotan pantailaratzen ari da, baina egunotan Iparraldeko ikusleek izango dute pieza zinematografikoa ikusteko abagunea, izan ere makina bat zinematan izango da ikusgai. Gaur adibidez, Hazparnen eta Biarritzen duzue; eta bihar Donapaleun.
Datozen egunotan Donibane Lohitzunen, Urruñan, Donibane Garazin, Kanbon eta Hendaian ere pantailaratuko da.
Film ikusgarriaren sinopsia honakoa duzue: Manu, haurra zela, Stella Panini piano-jole handiarekin maitemindu zen, eta hura ezagutzea zuen amets. Horretarako, Stefano Salegi, gerora manager bilakatuko den pertsonaia ilunaren aholkuari jarraituz, orkestra bat osatuko du. Baina Manu, ameslariaz gain, bere kabuz doan outsiderra ere bada. Jendeak ez du berezitasun hori ulertzen, eta bere instrumentua, erratza, izaera berdingabe horren adierazlea da. Bitxikeria horiek ez dira orkestra sortzeko oztopo izango: bertan elkartuko dira urduri dagoenean besapean azkura sentitzen duen kontrabaxu-jole bat, haizeak jotzen dituzten eta naturaz gaindiko usaimena duten bi anaia biki, kontratenore bibotedun bat eta triangelua jotzen duen perkusio jotzaile bat. Gainera, eskaileraren saioa egiten duen ahuntz ijito batek laguntzen die.”