MusEkintza jaialdiaren bigarren emanaldia Muñatones Gazteluan izango da bihar, irailak 30, eta bertan, Oreka TX eta Amaia Elizaranen eskutik Koklea izeneko pieza ikusteko abagunea izango da. MusEkintzaren hirugarren edizio honetan besteak beste musika, poesia, antzerkia, ilustrazioak eta dantza estilo ezberdinak eskaintzen ari dira.
MusEkintzak, Bizkaiko Museoetan egiten den Arte Eszenikoen Jaialdiak, Muñatones Gaztelura hurbilduko du bere bigarren emanaldia, non Oreka TX taldeak eta euren txalapartak Gazteluko espazioa musikaz beteko duten. Horiekin batera Amaia Elizaran dantzariak dantza ikuskizuna eskainiko du. “Erdi Aroko ipuinen esparruan egingo den Koklea aire zabaleko ikuskizunean boskotearen azken urteetako ibilbide musikalaren emaitza islatzen da, euren estiloan sakonduz eta lengoaia garaikidean soinu-tresna organikoak eta naturalak erabiliz.”
Jaialdia Arrantzaleen Museoan hasi zen eta Muñatones Gazteluan jarraituko du oraingoan. Horrela arte eszenikoen jaialdiak abendura arte iraungo du, eta makina bat ikuskizun eskainiko ditu Bizkaiko museo eta leku interesgarritan.
Jaialdiaren hirugarren emanaldia Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian izango da, urriaren 31n, eta Lurrazpiko Ahotsak emanaldia eskainiko da, Hortzmuga Teatroaren eskutik. Azaroaren 18an, Miren Agur Meabe, Sonia Rueda eta Inun Euskal Herria Museora iritsiko dira Fabulak, leihoak eta beste ur batzuk ikuskizunarekin eta, azkenik, azaroaren 25ean, Mikel Santiagok Whodunnit? ¿Quién lo hizo? protagonizatuko du, Bilboko Arkeologi Museoarentzat antolatutako misteriozko jolas pertsonalizatua.
