Nontzeberri

Oreixe ekaitz musikala, Arrasaten

Asteburu honetan zuzeneko musika emanaldi akustikoak hasiko dira Arrasaten. Izen berria jarri diote ekimenari, eta azalpena oso ederra da: “Oreixe hitzak ekaitza esan nahi du, eta azken hamarkadetan honen erabilera galtzen ari bada ere, musika zikloari izena emateko egokia iruditu zaigu, ekaitz akustiko eta artistikoa izan dadin”.

Arrasateko Udalak ekimenaren XV. edizioa burutuko du eta guztira sei emanaldi antolatu ditu bi asteburutan. Kontzertu guztiak emakumeek burutuko dituzte, beraiek izango dira protagonista nagusiak.

Diogun moduan, ostiralean, hilak 8, izango da lehen kontzertua Olaia Inziarte kantariarekin. Olaia Inziarte artista nafarrak Lehengo Lepotikan Burua (2022) bere lehen diskoa argitaratu du, sonoritate tradizionalena abangoardistarenarekin harilkatuz. Diskoa, oro har, pop ilun baten baitan dabilen arren, Nafarroako herri kantutegiari erreferentzia etengabeak daude bertan. Melodia gogoraerraz eta alternatiboetan oinarritutako eraginen bilduma bat dela esan genezake, etxearen eta sustraien baitan ari dena, modu intimoan beti ere.
Hurrengo egunean, irailak 9, Sara Azurzaren txanda izango da. Sara Azurza abeslari donostiarra 17 urte zituela hasi zen oholtza gainean. Bere lehen urratsak Iker Laurobarekin egin zituen eta ondoren Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley abeslari eta taldeekin lan egin zuen, besteak beste. 2018an bere bakarkako lehen lana aurkeztu zuen: Theorein. Urtarrilean aurkeztu zuen musikagile eta abeslariak bere lehen lan osoa: Hemen berriro. Pop, soul, funky eta elektronika doinuak nahasten dituen bederatzi abestiz osatutako diskoa da.
Eta igandean Madrilen bizi den bikote txiletarra arituko da: Emilia eta Pablo. Folklore latinoamerikarra eta flamenkoa uztartzen dituzte haien emanaldietan.

Datorren asteko kontzertutan Baskery, Verde Prato eta Sofia Comas musikariak arituko dira.

Arrasateko udalak dauka informazio guztia.

Exit mobile version