Nontzeberri

Opeth, metal progesiboaren maisuak Euskal Herrian

Suediako Opeth metal talde handiak Bilbon joko du gaur Santana 27 aretoan. Boskoteak Heritage (Roadrunner) bere hamargarren laneko kantuak aurkeztuko ditu. Opeth funtsezko taldea da metal progresiboaren esparruan, horren erakusle Watershed (2008) eta Ghost Reveries (2005) diskoak.

Mikael Akerfeldt gitarra jotzaile eta liderraren esanetan, Heritage ontzeko erabili dituen eraginak askotarikoak izan dira. “Halere, Opethekin soilik aldendu daiteke, Opethen beste lan bat da, baina orain arte egindakoaren erabat ezberdina da”. Suediarrekin batera Pain of Salvation izango dira.




Bestalde, eta astebururo egin ohi dugunez, beste zuzeneko proposamen batzuk ere aipatuko ditugu. Hala, bihar bertan Donostiako DOKA aretoan hard rock kontzertua entzuteko parada izango da, Supersweet (Donostia) eta The Dirty Pink Ladies (Irun) taldeen eskutik. Aurrenekoek The Hereafter lehen diskoa aurkeztuko dute, eta bigarrenak, berriz, taldekide berriekin arituko dira.

Le Bukowski ere taberna ezaguna da Donostian, batez ere bertako giroagatik eta egiten dituen kontzertuengatik. Hala, bihar, Gijon hiriko Los Gujaes garage-rock taldeak joko du. Eurekin batera Iruñeko Los Nerviosos pop zaleek joko dute.

Donostiatik gertu, Oñatin hain zuzen ere, Sumision City Blues taldeak ere joko du bihar. Bluesa,funka, rocka eta punka jorratzen dituen banda horretan, eskarmentu handiko musikariek jotzen dute, hala nola, Obligaciones, Sexty sexers, edo Los padrinos taldeetan arituriko taldekideak.

Bilbon, halaber, larunbatean eta igandean Carvin Jones Texaseko blues gitarra jotzailea ikusteko aukera izango da Crazy Horse tabernan.

Exit mobile version