Oozing Wound banda estatubatuarrak bere egitasmo musikala aurkeztuko du igandean Donostiako Dabadaba aretoan, 20:30etik aurrera. Hirukoteak urrian argitaratu berri duten Whatever Forever izenburuko lana aurkeztuko du.
Estatubatuarrek eskola zaharreko thrash metal eta hardcore nahasketa jorratzen dute, crossover etiketarekin ere ezagutzen den jario dinamiko eta azkarra. Red Ribbon Music promotorearen arabera, Municipal Waste, Black Cobra, High On Fire edo Cro-Mags taldeen zaleentzat hitzordu interesgarria da igandekoa.
Red Ribbonen hitzetan, “thrash/crossover korrosiboa da, tarte dentsoekin, McDonalds bateko bola-igerilekuan barreitutako masa entzefaliko bezala”.
Taldea Chicago hirian eratu zuten Kevin (baxua), Casey (bateria) eta Zack (gitarra eta ahotsa). Thrill Jockey diskoetxearen bitartez plazaratzen dituzte haien grabazioak, eta haien biografian hauxe irakurtzen da: “No Pearl Jam, No Radiohead, No RHCP, No U2”.