Nontzeberri

Ondarroako “Literatur Amuak” jaialdia prest

Urriaren 27tik azaroaren 1era luzatuko da Ondarroako Literatur Amuak jaialdia, eta bertan literaturaren inguruan hainbat liburu, errezitaldi, dantza, musika eta antzerki ikuskizunez gozatzeko parada egongo da. Horretaz gain, Nanoipuin lehiaketaren, Ipuin rallyaren eta Augustin Zubikarai nobelaren sari banaketak izango dira.

Lehen egunean, Nahia Iparragirre eta Eneritz Zeberio bikoteak Aharitopeka dantza ikuskizuna eskainiko dute. 28an, Yolanda Arrietak euskaraz idatzi zuen lehen emakume (Bizenta Mogel) ezagunaren sasoira bidaiatzeko proposamena egingo du Argiaren alaba nobelaren bidez. Eta arratsaldean, Ondarruko Etxelilan, eta Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Eli Pagolarekin, Testurak izeneko bertso saioa izango da gozagarri. Testurak saioetan emakumeek emakumeen artean kantatzea da helburua. Testuak izango dira oinarria eta horiek baliatuz bertsoetara saltoa egingo dute bertsolariek.

29an, Todos os Mares, o Mar galizierazko poesia emanaldia ere izango da Estevo Creus Andrade, Eduardo Estevez, Rosalia Fernandez Rial eta Arsenio Iglesias Pazos idazleekin. Beste errezitaldi batek hartuko du arratsaldea: Ene maite kuttun guztiak. Ainara Gurrutxaga aktoreak, Iban Urizar (Amorante) musikariak eta Harkaitz Cano idazleak azken honek itzuli dituen Anne Sextonen poema hautatuak irakurri eta interpretatuko dituzte.

Igandean, besteak beste, Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Joseba Roldan eta Oier Guillan aktoreek Mr. Señora antzezlan errezitatua egingo dute. Eta gauean, Anarik kontzertua eskainiko du.
Hurrengo bi egunetan antzerkia ere protagonista izango da. AXT teatroak Bihotz Salataria antzezlana egingo du 31n, eta 2princesesbarbudes taldeak Gaueko Entziklopedia Koxkorra, 1ean, asteartean.
Amaitzeko, Kirmen Uribek laster barru kaleratuko duen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria aurkeztuko du Ondarroan, eta pasarte batzuk irakurriko ditu, primizia moduan.

Hemen duzue programazio guztia.

Exit mobile version