Migranteek pairatzen duten barne borroka emozionala eszenara eramango du Olaeta Ballet Elkarteak igande honetan, 19:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian.
Gogorapenen hegalez ikuskizunaren bitartez, “Olaeta Ballet Elkarteak migrazioaren ondorioz sortzen diren hausnarketak, zalantzak, beldurrak, barne borroka eta, orohar, eragin emozionalak ekarri nahi ditu taula gainera. Oroitzapenen, dantzaren eta musikaren bidez, identitatea eta loturak mugimenduan jartzen dituen proposamen kolektiboa da. Herrimina eta bere baitan hartu duen herriarekiko maitasunaren artean ematen diren sentimendu kontrajarriak dantzan jarriko baitute euskal doinu eta pausuak kubatar folklorearekin elkartuta. Beraz, emozioen bidez ikus-entzulea harrapatzea du helburu ikuskizun honek”.
Oholtza gainean, Olaeta Balleteko 45 dantzariez gain, Zirzira Ahots Taldea eta Kantabrik Sinfonietta orkestra bilduko dira. Iker Sánchez Silvak zuzendutako Kantabrik Sinfonietta orkestrak zuzenean joko ditu Xabier Otaoleak moldatutako orkestrarako piezak. Gainera, hor izango dira Asier Gonzalez, Gorka Pascuas eta Julen Murga musikariak ere.
