Nontzeberri

Ohikoak ez diren lekuetara eramateko

Joseba Irazokik egin duen Gitarra Lekeitioak (Gitarra Onomatopeikoa II) izeneko birari amaiera emango dio laster batean, eta horretarako bi kontzertu eskainiko ditu Felix Buff (Bateria), Amorante (Tronpeta, Harmonium), K lepo (Electronica) eta Lutxo Neira (Contrabajo) musikarien konpainiarekin. Aipaturiko bi kontzertu horiek honako data eta tokietan izango dira: abenduaren 18an, Donostiako Dabadan, eta urtarrilaren 18an, Gasteizeko Montehermoson.

Helburua izango da “entzulea oso ohikoak ez diren lekuetara eramatea, baina etxean bezala sentiaraztea, zintzo eta zuzen agertzen den bere unibertsoko leihoak zabalduz, dena euskal folklorearen tradizioak, mundu anglosaxoiak, esperimentazioak eta, kasu honetan, baita jazz garaikideak ere inbadituta”.

Irazokik ez du irudimenik falta bere instrumentuaren ahalbide guztiei ekiteko, eta gainera saiakera hori erabat gauzatzeko behar diren gaitasun teknikoen jabe da. Konposizio bakoitzean proposatzen zaigun lehen asmoak beti harrituko gaitu; aukera guztiak ateratzen dira jokora, deus gorde gabe, eta ekimenaren emaitza sormen-indar erakustaldi bat da. Kontzertuaren izenburuan Mikel Laboari egiten dion keinua esanguratsua da. Lekeitioak, Laboaren ahots-onomatopeia inprobisatu haiek, hemen ahotsik gabeko gitarra-garrasi bihurtzen dira.

Exit mobile version