Gasteizko Kulturunean bi erakusketa inauguratu berri ditu: Batetik, Ocaña artista sevillarraren ekintza publikoak, jolas emanaldiak eta aktibismo politikoa Ocaña 1973-1983 izenburupean. Eta, bestetik, 60ko hamarkadatik 80ko hamarkada hasierara bitarteko performance artea genero ikuspegitik aztertzen duen Re.Act.Feminism#2 egitasmoa.
Ocaña 1973-1983: Ekintzak, emanaldiak, aktibismoa erakusketak Bartzelonako underground mugimenduan eta Estatu espainoleko kontrakultura osoan protagonista izandako Ocaña artista andaluziarra du ardatz. Pintore ospetsua, paper martxe artisaua, zinema aktorea, kupletista trabestitua… Eta, hain zuzen ere, bizitza publikoko protagonismoak, musika eta politika ekitaldietako agerpen dibertigarriek, gay eta lesbianen kolektiboaren protesta politikoetan bere gorputzaren protagonismoak toki aurreratua eman diote performance egile gisara; ekintza arteetarako adibide paregabea da.
Bestalde, Re.Act.Feminism#2 – Performance artxiboa erakusketa etengabe handitzen ari den behin behineko performance bizia da. Izan ere, 2008az geroztik ari da proiektu hau etengabe aberasten. Re.Act.Feminism ekimenaren interesgunea 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitarte garaturiko inspirazio feministadun performance artea da, beti ere ikuspegi feministatik begiratuta. Beraz, egitasmo hau artxibo “bizidunaren ideian oinarritzen da”.
Erakusketei buruzko xehetasun guztiak hemen.