Nontzeberri

“Noraezean” izeneko erakusketa, Getxon

Getxon antolatu behar ziren Iparra Galdu Gabe izeneko jardunaldiak atzeratu egin dira, COVID-19agatik Frantziako gobernuak hartu berri dituen azken neurriengatik, baina horien ordez  beste proposamen batzuk antolatu dira hil honetan.

Hala, Noraezean izeneko erakusketa azaroaren 5etik 29ra bisitatu ahal izango da. Getxophoto, Irudiaren Nazioarteko Jaialdiarekin elkarlanean, Euskal Herriko hiri-paisaiari buruzko erakusketa da, ez ohizko ikuspuntu batetik: “Flaneur digital (Internetetik noraezean dabilen ibiltaria) bihurtuta, Jon Gorospe argazkilariak Getxoko hainbat irudi birfotografiatu ditu, sarean dauden mapa eta kale-izendegitik aterata, Google-en kamerek oraindik gorde ez dituzten bazterrak osatzeko, lurraldeko mapa handitze aldera. Xabier Erkizia soinu-konposatzailearen musika entzun ahal izango da erakusketa ikustearekin batera”.

Funtsean, Noraezean hurbilketa berri bat eskaintzen digu Euskal Herriko paisaiara (hipererregistratuta eta hiperfotografiatuta dagoen eta zama historiko zein sinboliko handia daukan horretara), “zeinak algoritmoak, soinuak, sareak eta ingurua hartzen baititu barne”. Euskal paisaiari buruzko ideia eguneratzen duen eta horri esanahi berria ematen dion begirada da.

Beste aldetik, Erramun Martikoenaren kontzertua bertan behera lotu da.
Eta azkenik, azaroaren 26rako iragarritako, Maddi Ane Txoperena idazle eta bertsolariarekin literatura solasaldia Algortako Kultur Etxean aurrez aurre ezin bada egin, online bidez egingo da. Maddi Ane Txoperena idazle eta bertsolaria Berria egunkarian dihardu kazetari lanetan. Berriki, Maddi Anek Igartza saria irabazi du Ez erran inori izeneko nobela proiektuarengatik.

Exit mobile version