Artedrama euskal antzerki konpainiak “Nor naizen baneki” antzezlana aurkeztuko du Donostiako gasteszenan urriaren 23tik 26ra. Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs dira honen idazleak eta Fuchs-ek berak zuzentzen du. Antzezleen artean Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga topatzen dira.
Artedrama, Arte Eszenikoen ekintza, drama, antzerkia eta artearen lengoaiak ikertu eta sortzeko bokazioarekin jaio zen konpainia da, antzerkia eta artea bultzatzeko nahiarekin.
Horrela azaldu nahi izan dute antzerkiaren mamia: “Nor naizen baneki… Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara?
Ez ote da antzerkia barne indusketarako tresnarik onena?”
Antzezlana ikusteko sarrerak Artedrama webgunean daude eskuragarri.