Nontzeberri

Nomadak, lurralde elektronikoetara

Nomadak taldeak Hasieratik + izenburuko lana berria aurkeztu du gaur Bilboko Bira Kultur gunean. Taldekideek adierazi dutenez, disko berriak lehenengo grabazioa, Hasieratik (2017, Baga Biga), eta bi kantu berri biltzen ditu.

Aurreneko disko, hura atera ez izana “arantza” bihurtu zitzaien taldekideei; hortaz, CDan plazaratzea erabaki dute, deliberazio zaila izan den arren. Diskoa autoekoizpena da, eta prozesuan “asko” ikasi dute.

Diskoan, baina, bi doinu berri ere jaso dituzte, tartean, Esnatu abestia. “Elektronika ukitu gehiago dituzte, pop, dance eta antzeko estiloetako kantuak dira; aurreko soinuak atzean utzi ditugu, besteak beste, reggaearen eragina”, azaldu du Julen abeslariak.

Elektronikarako joera horrek, halaber, ekoizpen lan handiagoa ekarri die. “Ordu asko sartu ditugu ordenagailu aurrean, elektronikan murgiltzeko asmoz, soinu berriak bilatzen, probatzen…”. Diskoa, hain zuzen, Mutrikuko Ame estudioetan grabatu dute Axular Arizmendiren gidaritzapean.

Hitzei dagokienez, letra baikorrak idatzi dituzte, “mezu positiboak zabaltzeko garai onak ez diren arren”. Mezu melodikook Durangoko Azokako Ahotsenea gunean haizatuko dituzte, abenduaren 6an. 2019ko urtarrilaren 18an, halaber, Bergarako Seminarixuan izango dira; otsailaren 8an, Azpitiko San Agustin aretoan; 16an, Oñatiko Gaztelekuan, eta maiatzaren 5ean, Katalunian izango dira, Cardanyola del Valleseko Dresden aretoan.

Nomadak Bergaran eratu zen 2017an, Emon taldea desegin ondoren. Taldea, hain justu, Bargara, Algorta, Soraluze eta Tolosako boskoteak osatzen du.

Exit mobile version