Nontzeberri

“Noiz utziko dio euria egiteari” filma hainbat tokitan ikusgai

Noiz utziko dio euria egiteari performance zinematografikoa, Bizkaia Aretoan eta Faktorian izango da ikusgai apirilean: EHUren Bizkaia Aretoan, apirilaren 1ean, 19:00etan, eta Aiaraldeko Faktorian, apirilaren 24an, 18:00etan.

Piszifaktoria Ideien Laborategiaren azken proiektua da Noiz utziko dio euria egiteari, Durangoko Azokako Irudienea gunean estreinatu zena. Horren gaineko emanaldia ere Lautan Hiru antzerki-zikloan plazaratua izan zen Bilbon.

Ostiraleko emanaldia berezia izango da, izan ere, 40 lagunentzako murgiltze-esperientzia zinematografiko bat ondu da, “antzerkiaren eta zinemaren artean dagoen lurralde berezi baterako bidaia”.
Bigarren hitzordua, aldiz, Aiaraldeko Faktorian izango da, eta aurrekoan bezala, filmaren egileekin solasean aritzeko aukera izango da emanaldiaren ondoren.

Noiz utziko dio euria egiteari “dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugan bizi den sormen-lana da, eta izen bereko Piszifaktoriaren kaleko ikuskizunean oinarrituta dago. 23 minutuko iraupena duen film esperimentalak 2071. urtera eramango gaitu, ordurako izango dugun gizartearen inguruan hausnarketa egiteko”.

Guillermo Ordás arduratu da zuzendaritza lanak egiteaz. Harekin batera aritu dira Irati Agirreazkuenaga, produkzio lanetan, eta Mikel Ayllon, gidoilari lanetan. Musika, berriz, Igor Arzuagak sortu eta nahastu du. Pantailan Agirreazkuenaga, Ayllon eta Arzuagaren gorputz eta ahotsak ere ikusiko dituzue. Kameren atzean, Betitxe Saitua arduratu da jantziez eta Pablo Ibarluzea aholkularitza artistikoaz.

Aipatu behar da, filma Indiako Bangalore hiriko One Earth Awards zinema-jaialdian aukeratu egin dutela.

Exit mobile version