Oihanederren antolaturiko Saski Naski zikloaren barruan, Xabier Montoia vs No english, please izeneko kontzertua atondu dute igande honetan, martxoak 19. “Montoiak ingelesa ez den beste 8 hizkuntzatan abestuko ditu bere kanta batzuk eta hainbat bertsio”.
Oraingo honetan Montoia Ibon Rodriguezekin (pianoa eta gitarra) eta Itziar Lertxundirekin (txeloa) joango da Gasteizko Euskararen Etxera, eta katalanez, italieraz, frantsesez, galegoz, alemanez kantatuko ditu. Hala, bere abesti propioez gain, Caetano Veloso, Maria del Mar Bonet, Kurt Weill eta beste batzuen kantak entzuteko parada egongo da.
Hurrengo saioa, apirilaren 23an izango da, Liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruan. Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkartearekin elkarlanean eta Mikel Ayerbe koordinatzaile lanetan, Ilustrazioek hitz egiten dutenean zuzeneko emanaldia izango da Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga eta Helena Azkarragaurizar adituekin.