Alhondiga Bilbaok, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Chiharu Shiota artista japoniarraren My House is your House erakusketa ikusgai jarri du irailaren 28ra arte.
Chiharu Shiota artista artilezko hariekin egindako instalazio monumentalengatik da ezaguna, eta bere lan eder horiek “mundu poetiko eta onirikoan murgiltzera gonbidatzen dute”.
Erakusketa honetan Chiharu Shiotak etxea kontzeptua landu du, “etxeko esparrua espazio publikora zabalduz, Bilboko Alondegiaren arkitekturarekin elkarrizketan”, eta modu horretan, “bisitaria bere oroitzapenekin konektatzen duten etxeko giro desberdinak esperimentatzera gonbidatzen du”.
Shiotaren instalazioek hari-patroi korapilatsuak sortu dituzte, ehungintza tradizionala eta ekialdeko kaligrafia gomutaraziz. Azkuna Zentroarentzat pieza bat ere garatu du artistak, “non herritarrek, gutun eta marrazkien bidez, beren etxeen esentzia partekatzen duten”. Instalazio horrek ondo islatzen du historia partikularrak historia kolektibo zabalago baten parte direla.
Chiharu Shiota (Osaka, Japonia, 1972) pinturan (Kiotoko Seika Unibertsitatea, 1992-1996) eta arte bisualetan (Braunschweigeko Goi Mailako Arte Eskola, 1997-1999 / Berlingo Arte Akademia, 1999-2003) trebatuta dago, eta Berlinen bizi da.