Nire gipuzkoarrak eta Mobydick bizkaitarrak kontzertua emango dute igandean, 18:30ean, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean, Gabonetarako ondutako Kultur ekitaldien egitarauaren baitan.
Lisabö taldeko bateria-jotzaile Ivan Zabalegik bakarkako egitasmoa da Nire. Irun herriko musikariak dagoeneko grabatu du lehendabiziko diskoa, Hamabost (Bidehuts). Disko hori aurkeztuko du, hain justu, Larrabetzun. Diskoak country-rock kutsuko zortzi kantu biltzen ditu, biluziak, one-man-band edo gizon-orkestra formatuan eraikiak; Ivanek abestu ez ezik, gitarra, bonboa eta bateria ere jo ditu. Hori dela eta, kantuek folk songwriter-en edo bluesman bakartien trazak ere hartzen dute.
Mobydickek Anariren Zure aurrekari penalak diskoan parte hartu zuen 2014an. Urte horretan, gainera, Cotard Delusion izeneko lana plazaratu zuen, crowdfunding baten bidez. Diskoak folk eta rock estiloetatik edaten duten bederatzi kantu jaso ditu, Mark Laneganen zertzeladak antzematen dira lantzean behin, eta Madrileko Audiomatic-Drax estudioetan grabatu da Michel Martin teknikariaren ardurapean. Kantuok, gehienbat akustikoak dira, biluziak, non gitarra akustikoa eta ahotsak nagusitzen diren. Alabaina, formatu akustikoan aritu den taldeak ere pisu handia izan du grabazioan.