Nicolas Ardananzek (Iruñea, 1910-1982) drogeria batean egiten zuen lan, baina bere pasiorik handiena argazkigintza zen. Hala, 1930etik 1970era bitartean makina bat argazki egin zuen. Bere lanaren ardatza Nafarroa izan zen, hala nola, paisaiak, ohiturak, eta festak. Horrez gain, Espainiako Gerra Zibilaren hastapenetan erreportari lanak ere egin zituen.
Urriaren 11ra arte, bere lanaren lagin garrantzitsu bat ikus daiteke Iruñeko Contraluz galerian. Argazki-espazio horrek atontzen duen 100. erakusketa da.
Galerian dauden irudiak Nafarroan egindakoak dira. Bertan, lurraldearen potreta lasaia erakusten da. Ez dago inolako tentsio sozialen arrastorik. Argazki sosegatuak dira, eta argia eta konposizioa dira bi ardatz nagusiak. Izan ere, Ardananz ez zen sekula abangoardiako esperimentatzaile bat izan. Ordea, egun erabat eraldatuta dagoen Nafarroaren erretratua egin zuen.
