Nontzeberri

Niamh Ní Charra irlandarrak zabalduko du gaur Folk Getxo BBk jaialdia

Gaur hasiko da Folk Getxo BBK 2017 Jaialdia. Gaurko saio nagusia Niamh Ní Charra musikari irlandarraren eskutik etorriko da. Irlandarrarekin batera, Ibon Koteron eta Xabi Aburruzaga arituko dira, artista gonbidatu gisa.

Ostiralean, flamenkoa nagusituko da, José Mercé artistaren eskutik.  Larunbatean, Aljeriako soinuak zabalduko ditu Getxon Souad Massi musikariak. Azkenik, igandean, emanaldi berezia izango da: Kukai Dantza taldeak Lotuneak ikuskizuna aurkeztuko du, hainbat gonbidaturen laguntzaz: Carlos Núñez, María Berasarte,  Iñaki Salvador, Itsaso Elizagoien eta Iñaki Telleria. Kontzertu nagusiok Areetako Geltokia plazan egingo dira.

Artista garrantzitsu horiek emango dituzten kontzertuez gainera, bestelako emanaldiak ere izango dira, arratsalde partean: Trivium Klezmer (Aragoi), Mara (Portugal), Bruna Sonora (Madril)… Eta gauean ere izango da zer ikusi: Los Texmaniacs (AEB), eta Nakany Kanté (Ginea).

Haurrentzako kontzertua ere izango da, igandean, goizez: Musika ari du, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Hari-laukotea, eta Pirritx, Porrotx eta Marimots-en eskutik.

Azkenik, kaleetan zehar bandak arituko dira, urtero egin ohi denez: Reading Pipe Band (Eskozia), Acousteel Gang (Frantzia), Imperial Kikiristan (Frantzia), La Tit’ Fanfare (Frantzia),    Tarumba (Errioxa) eta Agurra Dantza Taldea (Getxo).

Informazio gehiago: getxo.eus.

Exit mobile version