Nontzeberri

Néstor Basterretxearen “Forma eta Unibertsoa” erakusketa

Gaur bertan abiatuko da Bilboko Arte Ederren Museoan, Néstor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924) Forma eta Unibertsoa erakusketa. Gaur goizean,  Néstor Basterretxeak berak, Gorka Martínez BBK Fundazioaren zuzendariak, Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendariak eta Peio Agirre erakusketaren komisarioak aurkeztu dute. Erakusketa maiatzaren 19ra bitartean egongo da zabalik.

Erakusketak zenbait arte-diziplinatako (eskultura, pintura, marrazkia, diseinu industriala, kartelgintza, etab.) 200 lan baino gehiago bilduko ditu. Horiek guztiek XX. mendeko euskal eskulturaren berritzaile nagusienetakoa izan den Néstor Basterretxearen 60 urteko ibilbide artistikoaren gaineko irudia osatuko dute.

Peio Aguirre komisario duen erakusketa honen bidez, Néstor Basterretxearen obraren orain arteko atzera begirako bildumarik osoena jarri nahi izan da ikusgai; eta helburu horrekin argitaratu da, halaber, erakusketa honi loturiko katalogo zehatza.

“Erakusketa honek 60 urte inguruko sorkuntza ibilbide oparo baten azterketa proposatzen du, egileak baliatu izan dituen teknika eta adierazpen artistiko askotarikoetan barrenako bidaia. Margolaritzan lehen urratsak egin zituenetik, eskulturari heldu zion arteko tarte osoa biltzen du, alde batera utzi gabe zinema, diseinu industriala, diseinu grafikoa, altzarien diseinua, arkitektura eta hirigintzako proiektu gauzatu gabeak, argazkilaritza, kartelgintza eta idazketa”, gaineratu dute antolatzaileek.

Exit mobile version