Eibarko Ipurua kiroldegian Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu da.
Bertan, Alaia Martin Etxebeste, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Ibarzabal Salegi, Miren Artetxe Sarasola, Asier Azpiroz Iztueta eta Nerea Elustondo Plazaola bertsolariak bildu ziren.
Guztien artean Nerea Ibarzabal izan da onena, eta berak lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela, eta ondorioz, Gasteizen kantatuko du azaroaren 28an. Betiko legez, gainontzekoek, puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoen bigarrengo itzulira sailkatzeko aukera.
Finalaurrekoetako hurrengo saioa azaroaren 7an izango da Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan. Kantuan arituko diren bertsolariak Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola eta Joanes Illarregi Marzol izango dira.
