Alberdania argitaletxeak Iréne Nèmirovsky-ren (Kiev, 1903 – Auschwitz-eko kontzentrazio-esparrua, 1942) Odolaren Sua aurkeztu du gaur goizean Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Liburua Joxe Antonio Sarasolak ekarri du euskarara.
Ukraniar jatorriko idazle hau Frantzian bizi izan zen eta frantsesez idatzi zuen. Makina bat hizkuntza zekizkien, tartean, euskara. 1942ko uztailaren 13an Frantziako jendarmeek atxilotu egin zuten judu jatorria zuelako, nahiz eta 1939an katolizismora aldatu zen. Pithiviers-eko kontzentrazio-esparruan espetxeratu, eta handik Auschwitz-era eraman zuten. Bere lehen eleberria, David Golder, 1929an argitaratu zuen Grasset editorialak.
Liburuak ondokoa kontatzen du: Baserri giroko Frantziako herri txiki batean gertatzen da dena, 30eko urteen hasieran. Silvio narratzaileak dirutza gastatu du munduan zeharkako bere ibilaldietan. Hirurogei urterekin eta familiaren kargarik gabe, patxada ederrean Frantziako txoko horretan giza kondizioaren behatzaile izatea tokatzen zaiola ematen du. Halako batean, ordea, patxada hori trakestu egiten da, herrian heriotza lazgarri bat gertatzen baita.