Nontzeberri

Negu minean bizi izandako muturreko uneak

Gaur goizean, Bilboko Elkar liburu-dendan, Alex Txikon mendizaleak Manaslu Neguan izeneko lana aurkeztu du Sua argitaletxeko ordezkariekin batera.

Prentsaurrekoan, eta ohi den bezala, protagonistak makina bat datu eta anekdota kontatu ditu: espedizio batean eratzen dituen estrategia, zer-nolako sentsazioak izan zituen muturreko tenperatu hotz haiekin, mendiaren edertasuna zer den beraretzat, ahalegin fisiko itzelaren ondorioak, aurreko urteetako eskarmentuak emaniko indarra eta jakituria, idazketa bera zer izan den berarentzat,… eta tontorreko uneak: “Tontorrean sentituriko emozioren bat deskribatu beharko banu, ez nuke esango poza denik. Bazen hil ala biziko momentu bat. Epikarik ez dago hor. Heriotzetik gertu zauden une horietan ez da epikarik”.

2023ko urtarrilaren 6an, Alex Txikon Manasluko tontorrera heldu zen himalayismoaren historiaren parte den balentria batean. Igoera latz hura aurretik huts egindako bi espedizioen ondorio eta jarraipena izan zen.
Argazki ikusgarriak lagun, Lemoako alpinistaren letrekin eta sentimenduekin batera gora joango da irakurlea, Manasluko gailurreraino. Xalo-xalo hitz egingo du, bere beldur eta sufrimenduen, arriskuaren eta minaren, barru-barruko sentimenduen barreen, pozen eta une hunkigarrien berri emateko.
Ez dago ez epikarik, ez heroirik. Bizirik irauteko ahalegina izango da motorra.

“Hamar urte baino gehiago daramatzat neguko espedizioetan zentraturik. Horietan Layla Peakeko eta Ama Dablam gailurrak lortu ditugu, sei milakoak biak; Pumori eta Gasherbrum South, 7.000 metrotik gora, eta Nanga Parbat eta Manaslu, 8.000 metrotik gora. Baina nire baitako hutsune horrek eraso egiten dit. Ez nago pozik. Sentitzen dut azken zazpi urte hauetan espedizio honetan bezainbeste edo gehiago borrokatu garela. Uste dut nire benetako gailurra pertseberantzian eta iraunkortasunean egon dela, saiakerekin jo eta su aritzean, ilusioak, motibazioak eta kezkek bultzatutako bide autoinposatu honetatik jarraitzean. Hori izan da nire iparrorratza urte hauetan guztietan.

Orain, zer bide hartu behar dudan adierazten didan estimulurik edo erreferentziarik gabe nago. Espedizioetan hogei urte baino gehiago eta negukoetan hamar urte baino gehiago eman ostean, agian amaierara iritsi naiz? Agian nahikoa izan da? Badakit nire bizitzako tarterik hoberenean nagoela, baina azken urteetan negukoak alde batera uzteko ideia nire buruan finkatu da. “Hau azkena da”, esaten diot neure buruari batzuetan, “Beste bat eta akabo“, pentsatzen dut beste batzuetan. Kontua da zalantzaz beterik nagoela, nik bakarrik argitu behar ditudan inkognitek harrapaturik. Berriro bilatu behar dut nire bidea. Bizitza osoa daukat aurretik. Goazen bada!”

Exit mobile version