Bihar, martxoak 27, Nazioarteko Antzerki Eguna ospatuko da mundu osoan. Dario Fo aktore eta antzerkigileak idatzi du aurtengo Antzerki Eguneko mezua. Armiarma.com atari literarioak Iñaki Iñurrietari eskatu dio euskarara itzul dezan.
Honela hasten da Fo-ren euskarazko idatzia: “Aspaldi batean, botereak erabaki intolerante bat hartu zuen komedianteen kontra, eta herrialdetik kanporatu zituen.
Gaur egun, aktoreek eta antzerki-konpainiek, krisia dela-eta, zailtasunak dituzte agertoki publikoak, antzokiak eta ikus-entzuleak aurkitzeko.
Ondorioz, orain agintariak ez daude kezkatuta, ironiaz eta sarkasmoz barre egiten zietenak kontrolatu behar dituztela-eta, dagoeneko ez baita lekurik aktoreentzat, ez baita ikus-entzulerik ere”. (Testu osoa).
Dario Fo (Sangiano, Varese, Lombardia, 1926) idazle eta antzerkigile italiarra da. 1997an Literaturako Nobel saria eskuratu zuen. Bere estreinako lanak kabaret kutsuko lan satirikoak izan ziren. Fanca Rame antzezlearekin ezkondu, eta Campagnia Dario Fo-Franca Rame taldea eratu zuten 1959an. Bikoteak ospe handia erdietsi zuen telebistan egindako ikuskizunei esker. 1968an Nuova Scena talde berria sortu zuten. 1970ean, halaber, La Comune konpainia eratu zuten, eta eskoletan eta gune publikoetan emanaldiak egin zituzten. Lan esanguratsuenen artean: Morte accidentale di un anarchico (Anarkista baten ustekabeko heriotza) eta Non si paga, non si paga! (Ez dugu ordainduko, ez dugu ordainduko!). Obra horietan gai politikoak jorratu ditu Fo-k, beti ere, umorez eta ironiaz.
Euskarazko itzulpena, halaber, World Theatre Day gunean ere euskaraz jasota geratu da: http://www.world-theatre-day.org/en/message.html
Azkenik, norbaitek italierazko testu originala irakurri nahi izanez gero: http://www.world-theatre-day.org/en/picts/WTD_Fo_2013_it.pdf