Eszena iluna. Bera esna titulupean abiarazi du Natalia Suárez Ortiz de Zaratek befre erakusketa, San Telmo museoan 2026ko martxoaren 1era arte ikusgai izango dena.
Artea abian programak lan garapen fasean duten artistei bultzada ematen die. Hala, Natalia Suarez Ortiz de Zarateren lana ikusteko aukera izango dugu erakusketa honetan.
Erakusketan 2024-2025 artean sortutako tamaina handiko 8 lan jarri dira ikusgai, eta gehienetan olio-pintura, spray-a eta akrilikoa nahasten dira mihisean, baina badira olio-pintura hutsez margotutako lan bat eta boligrafoarekin paperean egindako marrazki sorta bat ere.
Sortzaileak esan duenez: “Margolan eta marrazki berri batzuk biltzen dira izenburu honen pean, antzerki- edo gidoi-tonua izan dezakeena, gertatzear dagoen ekintza bat iragarriz bezala. Pertsonaia femenino bat aipatzen da, eta nahi duenak margolanetan agertzen diren irudiekin lotu dezake, edo artistarekin berarekin, edo ez; fikzioa iradokitzen da konkretuaren aurrean, ikusten denaren aurrean. Erakusketa hau osatzen duten lanak, neurri batean, marrazketaren energia eta berehalakotasuna olioz margotzeko prozesu geldo eta metagarrira eramateko asmotik sortu dira. Mihiseetan pintzelarekin igurtzitako lerroen multzoak agertzen dira, eta pintura plano lodiek nahaste hori eusten dute, figura bezala definituz. Hondoak, alderantzikatuta, lehen planoa hartzen du. Prozesuaren hainbat desira eta deriba ez hain kontrolatuek trazu mota ezberdinak edota konbinazio kromatiko zehatzak aukeratzea eragiten dute. Etengabeko istripuaz gain, badago irudiaren mugimendua bilatzeko borondate kontziente bat; baita umorea, erromantizismoa, “ederra” dena, eta kontrakoa ere: atsegina ez dena, arraroa, higuin arina sortzen duena. Hori guztia jasotzeko eta tentsiora eramateko ahalegin bat”.
