Oñatiko ARG! argazki jaialdiaren barruan, Nagore Legarretak Hysteron argazki erakusketa inauguratu du. Hysteron (utero grekoz) argazki bilduma da; emakume zatikatuen gorputzak irudikatzen dituen bilduma. Argazki teknika primitiboa erabili du horretarako: argazkilaritza estenopeikoa. Hori guztia zer den jakiteko berarekin mintzatu gara berarekin.
Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko grina? Nola hasi zinen irudiak lortzen?
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen Leioan, fakultatean baino nire kabuz egindako saioetan sortu zitzaidan argazkilaritzarako grina. Hasieran kamera analogikoarekin, ondoren digitalarekin eta azkenean teknika estenopeikoarekin topo egin nuen, 2009 urtean, Alberto Gagok Hernaniko Foto Forum argazki elkartean egindako tailer batean. Ontzi batekin zer lortu zitekeen ikusi eta buru belarri ekin nion lanari eta jolasteari.
Teknologia modernoenaren aroan bizi gara, eta zuk argazki teknika primitiboa den argazkilaritza estenopeikoa darabilzu. Zerk bultzatu zaitu teknika berezi horretara hurbiltzera?
Hasieran norberak birziklatutako ontziekin kamerak eraikitzearenak asko erakarri ninduen. Txikitan, aitarekin, gure jostailuak sortzen aritzen ginen, hori zen jolasa, jostailuak asmatzea eta eraikitzearen erronka. Argazkilaritza estenopeikoak horrekin konektatu ninduen erabat. Argazkilaritza estenopeikoak, ohiko formatuetatik harago, proiektu bakoitzera egokitutako kamara eraikitzeko aukera ematen dizu. Horrez gain, kamera estenopeikoak ematen dituen irudien zehaztasun faltak, eta horrek sortzen duen estetikak, asko erakartzen nau.
Nola sortu da Hysteron argazki bilduma?
Hysteron bilduma, lau zulotako ontzi zilindrikoa sortzearekin etorri zen. Bost kiloko atun lata batekin eraiki nuen ontzi hori. Lau zulo egin nizkion eta probak eginez konturatu nintzen zulo bakoitzak eskaintzen zuen irudiaren ertza, ondokoak eskaintzen zuenarekin fusionatzen zela. Hasieran auzoetako blokeekin aritu nintzen eta ondoren emakumeen gorputzekin. Konturatu nintzen hor bazegoela zerbait nirekin konektatzen zuena, eta zer hori zer zen ikertzeari ekin nion.
Generoaren gaia landu nahi izan duzula diozu.Serie honetan emakumeen gorputz zatikatuak ikusten dira, batzuetan elkarrekin topo egin nahi dute, besteetan, elkarri enbarazu egiten diote. Uste dut gizarte honek pertsonak gabeziaren beldurraren inguruan hezten dituela, bai gizonak eta bai emakumeak. Zerbait falta zaigunaren sentsazioa, konpartitzen badugu norberak galdu egin duela, eta ez irabazi. Testuinguru honetan emakumeak eta gizonak rol zehatz batzuetan enkajatu behar izaten dute; esango nuke, gizarte honek emakumeak behartzen dituela gizonek jarritako ispiluetan begiratzera, emakumeok elkar ikusi edo errekonozitzen dugu gizonen neurrira jarritako ispiluen bidez. Ispilu horiek lehertu nahi nituzke.
Komentatu duzu “lan sakon eta modu intentsuan” aritu zarela hau lortu arte.
Serie hau bidali nizuen argazki horrekin hasi zen, hankek hanken kontra topo egiten duten argazki horrekin. Irudi hori sortu zenean, hasi zen burua dantzan… irudi horrek ukitu ninduen. Ordutik aurrera, bide horretan argazki gehiago egiteari ekin nion, baita irakurtzeari ere. Barruan dantzan nenbilkion hori identifikatu nahi nuen. Bide horretan aurkitu ditut pertsona oso inteligenteak: Casilda Rodrigañez, Ana Cachafeiro, Virginia Woolf, Alice Miller…
Erakusketa ibiltaria egin nahi izan duzu, nondik nora ibiliko da?
Erakusketa Oñatiko ARG! argazki jaialdian ikusi ahal izan da lehen aldiz, eta bertan izango da maiatzaren 3ra arte. Ondoren Andoaingo Argazkialdia jaialdiaren ikusi ahal izango dira maiatzaren 16tik ekainaren 13ra. Lan hau espazio eta erakunde ezberdinetara aurkeztu dut eta harrera ona izan du. Mallorcan udan izango den argazki jaialdi baterako aukeratu dute; L`Hospitaleten egingo den beste jaialdi baterako; eta Huescan izango den beste jaialdi baterako ere bai. Londreseko Saatchi Galleryk ere bildumako argazki bat aukeratu du galerian erakusteko. Momentu honetan espazioak bilatzen ari naiz lan hau erakusteko, diru, lan eta energia aldetik egindako esfortzua ez dadin alferrik izan.
Horretaz gain, Hysteron izeneko emanaldia prestatzen ari zara. Kontaiguzu zertan izango den.
Nire lehen argazki liburuarekin, Edipotoarekin, egin genuen bezala, lan honen inguruko zuzeneko emanaldi bat egin nahi dut. Argazkilariaren lana bakartia da eta modu bat da nire sentsazioak eta lanak beste sortzaile batzuekin konpartitzeko.
Laster hasiko ditugu entsaioak eta asmoa da 2016rako egina izatea. Emanaldi horretan, argazki kamerak bezala, ontziekin egindako musika instrumentuak erabiliko ditugu: kontrabaxu bat, malinba bat, perkusioa. Argazki bildumarako espresuki idatzitako testuak ere errezitatuko dira. Dantza-mugimenduak ere planteatuko dira, argazkiek hala eskatzen zidatelako.
Momentuz emanaldian hauxek parte hartuko dute: Danele Sarriugarte (Erraiak liburuaren idazlea), Aida Torres (Jupiter Jon taldeko bateria-jolea), Txaro Unzilla (dantza garaikideko irakasle eta dantzaria), Mariano Hurtado (Inoreneroni, Anari taldeetako baxu-jole eta musikaria), Beñat Iturrioz (musikaria eta Joxan Hil Eben filmaren sortzaileetako bat).
