Nontzeberri

Nagore Legarreta artistaren “Suzko Irudiak” argazki erakusketa, Oiartzunen

Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan Nagore Legarreta artistaren Suzko Irudiak argazki erakusketa izango da ikusgai maiatzaren 9tik 23ra. Erakusketan oinarritutako musika emanaldia eta tailerrak ere egingo dira hil honetan.

21 AULKI zikloak 12 urte daramatza martxan Oiartzunen, eta bere helburuen artean honako hauek daude: Arte plastiko erakusketak egin ahal izateko zirrikitu berri bat zabaltzea, ikusleek arte plastikoak lehen eskutik bizi eta tailerretan praktikatu ahal izatea, herriko eragile ezberdinekin mediazioak antolatzea, emakume sortzaileen lana ikusgarri egitea, artea guztion eskura jartzea… Horrekin batera, erakusketekin lotuta artista liburuak publikatzea, eta batez ere, artistei lanerako baldintza duinak eskaintzea.

Suzko Irudiak proiektuaren ardatza Indian 2013 eta 2017 urteen artean egindako argazkiak eta bertan bizitako esperientziak dira, Nagore Legarreta sortzailearen filtrotik pasa ondoren. Proiektuak liburu itsura hartu zuen, eta irudientzat propio soinu banda sortu zioten Nerea Garrido, Mariano Hurtado eta Beñat Iturriozek.
Argazkiak egiteko, argazkilariak, poxpolo kutxa batekin eraikitako argazki kamera erabili zuen eta guztira 700 bat argazki egin zituen. Horietatik 100 bat argitaratu dira liburuan, soinu bandarekin batean.

Gaur, maiatzaren 9an, proiektuaren soinu banda eta irudien proiekzioa zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango da. Soinu banda liburuan aurki daitezkeen irudi segidarako propio sortu zuten Beñat Iturrioz, Nerea Garrido eta Mariano Hurtadok. Denetariko instrumentuak jotzen dituzten hiru musikariek: armoniumak, arpak, melodika, baxua, monotroia, ur txirula, shitar efektua egiten duen pedal bati lotutako gitarra, perkusio mota ezberdinak…

Maiatzaren 12an, 17:30an, Suzko Irudien kolore paleta osatzen izeneko tailerra egingo da eta 23an, 18:30ean, bisita gidatua antolatu da artistarekin.

Exit mobile version