Irail osoan Iruñeko Ziudadelan egiten ari den Nafarroako Nazioarteko Komikiaren Hirugarren Azokak hainbat ekitaldi bilduko ditu. Azokaz gain, tailerrak, erakusketak edo hitzaldiak izango dira komikiaren festan horretan. Irailaren 29an amaituko da ekimena.
Hala, asteon, ostegunetik larunbatera, solasaldiak, aurkezpenak eta tailerrak izango dira. Ostegunean, irailak 20, Norma argitaletxeko ordezkari den Rafal Martinez Will Eisner komiki egile estatubatuar klasikoaren inguruan arituko da.
Ostiralean, bi ekitaldi izango dira: Lehenik, Tristísima ceniza komikiaren egileak diren Iñaket eta Mikel Begoñak beren komikiaren inguruan hitz egingo dute. Bigarrenik, Chile, Tierra de Leyendas liburua aurkeztuko dute. Larunbatari dagokionez, Idoia Iribertegik umeei zuzenduriko tailerra emango du goizean. Igandean, berriz, Belatz eta Christoff Komikiak idazten eta marrazten izenburuko ekitaldia zuzenduko dute. Hitzordu guztiak Ziudadelako Armen Aretoan izango dira.
Irailaren azken astean, halaber, hiru ekitaldirekin amaituko da azoka. 2011, urtean Komiki Sari Nazionala jaso zuen Santiago Valenzuelak berbaldia eskainiko du hilaren 27an. Biharamunean, hilak 28, Borra komikiaren egile Luis Dautok ere hitzaldia emango du, eta, azkenik, hilaren 29an komikien salmentaz gain, graffitiak, bisita gidatuak, karikaturak zuzenean eta bestelako ekitaldiak izango dira.
Ekitaldion ordutegiak eta bestelako xehetasunak www.salondelcomicdenavarra.com webgunean kontsulta daitezke.