Nafarroako landa-eremuan kultura-sorkuntza komunitarioko bost prozesu landuta amaitu da Landarte. Programa Oibar, Elgorriaga, Oteitza, Arrada eta Untzitibarren landu da, eta horietan parte hartu dute Peru Galbete, Ekhiñe Etxeberria, Estefanía de Paz Asín, María Azkarate eta Oihane McGuinnessek.
Nafarroako landa-eremuko herrietan aipaturiko sortzailek herri horietako biztanleekin elkarlanean garatu dituzte bost kultura-prozesu, eta Peru Galbete sortzailea Oibar udalerrian egon da, Harriz harri, Oibarko egunkari kolektiboa proiektuarekin; Ekhiñe Etxeberria zinemagilea Elgorriagan, Herriko Ostatua-Herriko bihotza izeneko proiektuarekin; Estefanía de Paz Asín artista Oteitzan, Balea ikusezina proiektuarekin; María Azkarate argazkilari eta arkitektoa Arradan, Anekdota-bilduma proiektuarekin; eta Oihane McGuinness sortzailea Untzitibarren, Ibilitakoa eta airearen kulturaren ertzak kartografiatu proiektuarekin.
Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatuta, Landarte ekainean hasi zen, eta sortzaileek prospekzio-lanari ekin zioten, lan egin behar zuten herriekin loturak ezarriz. Irailean, beren proiektuak definitu zituzten, eta handik hona bizilagunekin batera garatu dituzte proiektu artistikoak.
Bestalde, programaren bitartekariek bost sortze-prozesuen balantzea aurkeztu dute, eta “Landarteren web-orri berria aurkeztu dute, aurreko web-orriarekiko bestelako planteamendu grafiko batekin, udalerri bakoitzean egiten diren sorkuntza-prozesuak lehenesten dituena, prozesuen jarraipenari eta deskribapenari dagokienez, hiru eduki-mota jasotzen dituen atal dinamiko batekin: “eguneroko” (prozesuen garapena deskribatzen duen kronika), “oharrak” (prozesu bakoitzari buruzko materialak edo informazio osagarriak) eta “berriak” (Landarteri buruzko sarrerak, programa den aldetik).”
Hemen duzue Landarten bildutakoa.
