Nontzeberri

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen urratsak

2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa hastekotan dago, eta lehen kanporaketa saioa hilaren 12an jokatuko da, Iruñeko Alegria Peñan, 20:00etan hasita.

33 bertsolarik eman dute izena datorren txapelketan, eta horietarik lehenak asteburu honetan hasiko dira kantuan: Sahats Aleman, Mikel Lasarte, Sarai Robles eta Mintxo Astiz barañaindarrak, Mikel Juaniz iruindarra eta Kotte Plaza iruritarra dira kanporaketan parte hartuko duten bertsolariak. Epaile lanetan, berriz, Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea eta Ekintza Landa arituko dira. Maider Ansak aurkeztuko du saioa.

Sei bertsolarik hartuko dute parte kanporaketan eta horietatik hiruk lortuko dute final-laurdenetarako sailkatzea. Kanporaketan parte hartuko dutenak Nafarroako Txapelketan lehen aldiz izena eman duten bertsolariak dira. Gainerakoak zuzenean sailkatuta daude otsailean abiatuko diren final-laurdenetarako.
Final-laurdenetako fasea otsailaren 7an hasiko da eta txapelketa martxoaren 28an amaituko da.

Exit mobile version