Tafallan abiatu zen otsailaren 19an aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa, gero Irurtzun, Doneztebe, Berriozar, Bera, Leitza, Elizondo herriak bisitatu zituen. Eta orain, ia bi hilabetez jira-biran ibili ostean larunbatean jokatuko da finala, 17:00etatik aurrera.
Norgehiagoka ibiliko direnak hauexek dira:
Julio Soto (Gorriti, 1987) Lekunberriko Bertso Eskolako kidea da. Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen iaz.
Xabier Silveira (Lesaka, 1975) Bortzirietako Bertso Eskolan trebatu zen. Sei aldiz irabazi du Nafarroako Txapelketa, azkena 2009an. Estitxu Arozena (Lesaka, 1975) Bortzirietako eta Oronozko Bertso Eskoletako kidea da. Bi aldiz irabazi du Nafarroako Txapelketa, 1995an eta 1998an.
Jon Barberena (Elizondo, 1979) Baztango eta Oronozko Bertso Eskolako kidea da. Bitan izan da Nafarroako Txapelketako txapeldunordea.
Julen Zelaieta (Bera, 1980) Bortzirietako eta Oronozko Bertso Eskolako kidea da. Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2008an.
Eneko Lazkoz (Etxarri-Aranatz, 1983) Lekunberriko Bertso Eskolako kidea da. Iaz seigarren egin zuen Txapelketan.
Oskar Estanga (Gaintza, 1978) Lekunberriko Bertso Eskolako kidea da. Iaz bosgarren egin zuen Txapelketan.
Xabier Terreros (Lesaka, 1981) Lekunberriko Bertso Eskolako kidea da. Iaz zazpigarren egin zuen Txapelketan.
Final berezia izango da aurtengoa. Batetik, 1993tik ez zelako azken saioa Nafarroako hiriburuan egiten. Horrez gain, etapa berri bati ekingo dio Nafarroako Bertsolari Txapelketak hemendik aurrera, horrexegatik nolabait ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera izanen da apirilaren 9ko finala.
Izugarrizko ikusminak sortu du Labriteko finalak eta larunbaterako salgai ziren sarrera guzti-guztiak saldu dira jadanik.
Ohi bezala, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala amaituta festa giroa izango da, Alde Zaharreko karriketatik egingo den triki-poteoarekin. Horren ostean, Txapelketako parte-hartzaileek eta bertsozaleek Iruñeko Errotxapea auzoko sagardotegi batean afaria egingo dute.
Ondo pasa!