Bortzirietako Hor gu! taldea nagusitu da Garesen jokaturiko Nafarroako 2024ko Bardoen finalean. Bertan izan dira Baztango Baztanzopak, Bortzirietako Hor gu! eta Baztan-Bortzirietako Mutilatuak taldeak.
Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, eta Bardoetan parte hartu duten beste hainbat talde saritu ostean, jakinarazi dute talde irabazlearen izena. Orduan izendatu dute Bortzirietako’ Hor gu! taldea 2024ko Bardoetako txapeldun.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta 2024ko Bardoak egitasmoko lan-taldeko hainbat ordezkarik banatu dituzte sariak.
Horien ostean, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu da saioa, bertso-poteoari eta sagardotegi afariari bide emateko.
Irailaren 13an abiatu zen 2024ko Bardoak Nafarroako taldekako bertso lehiaketa, 13 talde eta 92 parte hartzailerekin, eta guztira 22 saio egin dira.