Nontzeberri

Nafarroako Antzerki Eskolaren bultzadaz “Antzerki Aroa”

Nafarroako Antzerki Eskolak antolaturiko Antzerki Aroa euskarazko antzerki zikloa urriaren 7tik azaroaren 4ra bitartean egingo da, eta bost antzezlan taularatuko dira ekimen horren barruan.

Bihar abiatuko da antzerki zikloa Metrokoadroka taldeak egingo duen Bi baso bat ur lanarekin. Piezak tratu txarrei loturiko trauma baten ostean alaitasunak eta umoreak jokatzen duten paperaz egin nahi du gogoeta. Oholtza gainean Intza Alkain, Iraia Elias, Javier Barandiaran eta Marina Suarez aktoreak arituko dira. Zuzendaritzan Edurne Azkarate eta Oier Guillan, eta dramaturgian Miren Azkarate eta Oier Guillan aritu dira, antzezlaneko talde osoarekin elkarlanean.
Lanaren sinopsia hauxe duzue: Lau pertsona dantzaleku baten erdian. Bakoitzak baso bat ur du eskuan. Lauak guztiz geldi daude, DJak inguruko jende guztia dantzan jartzen duen bitartean. Tratu txarren osteko alaitasunaz mintzo da antzezlan hau. Tratu txarrak jaso dituen pertsona bati alaitasuna ebasten dio tratu txarren eragileak. Edozein arrazoi dela medio tratu txarrak jaso duen edonori alaitasunerako eskubidea zalantzan jartzen zaio, tratu txarren ostean ere. Antzezlan honek alaitasunaren izaera soziala jarri nahi du erdigunean, minaren ostean alaitasunaren eta umorearen jabe egitea mina gainditzeko eta ahalduntzerako ezinbesteko tresna dela agerian utziz. Dantzalekuaren erdian ezin mugiturik dauden lau pertsonen istorioa kontatuko dugu; sakontasunez eta errespetuz baina, esan gabe doa, modu alai batean.

Datozen asteetan oholtzaratuko diren pieza eszenikoak hauexek dira: Zanbuila (Lolak kolektiboa), Las Reinas Kanpina (La Cuerda Teatroa eta Ttipia Kultura), Rikardo III eta Ni (Horman Poster eta Dxusturi Teatroa) eta Sidari (Xake produkzioak).

Exit mobile version